XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aski bedi esatea urtean-urtean iragartzen dela horren heriotza eta hala ere osasun bikaina duela.

Freuden obran harrimen handiena sortzen duten gauzen artean horren emankortasuna dago.

Gaur egun ezinezkoa da psikologia, antropologia kulturala, filosofia, pedagogia, psikiatria,... benetan aztertzea Freuden pentsamenduarekin dialektikoki aurrez aurre jarri gabe.

Bere obrak, Ch. Darwin edo A. Einsteinenak eta beste batzuenak bezala Gizateriaren ondarea osatzen du.

Badakigu gure kultur tradizioan, Greziatik abiatzen den proposamenak, Gnosce Te ipsum (Ezagutu zeure burua) jartzen duela Jakituriaren helmuga gorentzat.

Ezagutza eta askapen pertsonaleko desira faustiko eta dionisiako horrek fundatzen du Mendebaldeko kultura.

Desira hori eskuratzeko Sigmund Freuden obra erabakigarria da.

Freudek auzitan jartzen ditu Descartesengan fundaturiko paradigma zientifiko eta epistemologikoak, zeinak gauzak zalantzazkoak direla eta agertzen diren modukoak ez direla onartzen duen arren; aldiz, ez du ezbaian jartzen kontzientzia bere buruari agertzen zaiona bezalakoa denik; horretan bat datoz zentzua eta zentzuaren kontzientzia.

Freudek aitzitik, errotik erakusten digu ez dugula geure burua ezagutzen eta bide berriak urratzen dizkigu gure buruaren eta besteen ezagutzarako garen hori eta ez garen hori, geure buruaz ez dakigun hori, geure inkontzientea, kontzientetzat daukagun horretaz harantzagoko hori hobeki ezagutzeko.

Gure kontzientziak ez dakien hori ezagutzea eskaintzen digu eta geure eskura jartzera, hitz batean, geure burua ezagutzera, Desira aztertzera gonbidatzen gaitu.

Beraz ez dago inolako zalantzarik Freuden obraren garrantziaz gizaki garaikideaz kontzientzia hartzeko.